Inicio > Actualidad > Concursos > Zendak eta Iberdrolak antolatutako ipuin laburren lehiaketaren oinarriak

Zendak eta Iberdrolak antolatutako ipuin laburren lehiaketaren oinarriak

#ZendaIpuinak

Bilboko (Bizkaia) Euskadi Plazako 5. zenbakian egoitza soziala duen, A-95758355 IFK daukan eta balio osoz eratutako erakundea den Iberdrola España, S.A.U.-k (aurrerantzean “Iberdrola”), eta Madrilgo Alcalá kaleko 63. zenbakian egoitza soziala duen Ruritania Editores, S.L.-rena den www.zendalibros.com web orriak (aurrerantzean, “Zenda”) doaneko promozio hau sortu dute elkarlanean, honako oinarrien arabera burutuko dena.

1. Promozio honen asmoa idazketa sustatzea eta erabiltzaileei sari bat dirutan irabazteko aukera ematea da.

2. Promozioa interneten egiten da. Munduko edozein tokitako idazle afizionatuek eta profesionalek, blogariek eta sare sozialetako erabiltzaileek har dezakete parte.

3. Promozioaren iraupena: 2017ko azaroaren 27an, astelehena, 12:00etan hasiko da, eta 2017ko abenduaren 10ean, igandea, 23:59etan amaituko da. Abenduaren 12an, asteartea, sariak irabazteko hautagaiak diren 10 ipuinak argitaratuko ditugu Zendan. 2017ko abenduaren 14an, irabazlearen eta finalistaren izenak argitaratuko ditugu.

PARTE HARTZEKO:

Promozioan parte hartu nahi dutenek ipuin bat idatzi beharko dute euskaraz eta interneten argitaratu beharko dute, blog bateko sarrera moduan, Facebookeko argitalpen batean edo Twitterreko txio batean.

Hori egin ondoren, Zendaren Foroan izena eman beharko dute, atal honetan: http://foro.zendalibros.com/forums/topic/concurso-de-historias-en-euskera-en-zenda/.

Gainera, euren testua sare sozialetan (Facebooken edo Twitterren) zabaldu ahalko dute, #ZendaIpuinak traolarekin.

Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina testurekin har dezake parte, beti ere oinarriek eskatzen dituzten baldintzak betez.

Ipuinek gai librea izango dute. Testua originala eta aurretik argitaratu gabekoa izan beharko da, eta ezingo ditu inoren jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideak urratu, ezta datuen babesari dagozkionak, ez beste inolako eskubiderik.

Testuen gutxieneko luzera 100 karakterekoa izango da. Gehiengoa, 1.000 hitzekoa.

Adierazitako epean aurkeztutako testuen artean, epaimahaiak irabazle bat eta finalista bat aukeratuko ditu. Epaimahaiko kideak hauek izango dira: Ana Malagon, June Fernández, Katixa Agirre, Ander Izagirre, Iban Zaldua, Jon Kortazar eta Mikel Urkiaga. Epaimahaiak aurkeztutako testuen literatur kalitatea eta originaltasuna hartuko dute kontutan.

SARIA

1. Lehenengo saria 2.000 eurokoa izango da. Bigarrena, finalistarentzat, 1.000 eurokoa (guztira, 3.000 euro bi sarien artean).

2. Sariei dagokien zerga atxikipena aplikatuko zaie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) arautzen duen azaroren 28ko 35/2006 Legeak eta PFEZaren Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuak diotenaren arabera. Beraz, Iberdrolari dagokio, atxikipena egin behar zaion errenta ordaindu behar duen edo kontura sarrera egin behar duen subjektu pasibo bezala, kontura sarrera hori egitea edo zerga horri dagokion atxikipena egitea.

3. Ipuin irabazlea eta finalista aukeratu ondoren, Zenda egileekin harremanetan jarriko da, eta izen-abizenak eta telefono zenbakia eskatuko dizkie, saria jasotzeko prozedura azaltzeko. Irabazlearekin edo finalistarekin bost (5) eguneko epean ezingo balu harremanetan jarri, epaimahaiak beste ipuin bat aukera lezake, eta horren egilearekin beste bost (5) eguneko epean ere ezingo balu harremanetan jarri, saria hutsik geldituko litzateke.

4. Saria pertsonala eta besterenezina da. Irabazleak jaso beharko du, edo irabazleak izendatutako beste norbaitek, NAN-arekin, pasaportearekin edo Iberdrolak baliozko joko duen beste agiriren batekin identifikatuta.

BESTELAKO BALDINTZAK

1. Zendak eta Iberdrolak eskubidea dute promoziotik kanpo uzteko, eta, ondorioz, saririk gabe uzteko, euren iritziz lehiaketan modu desegokian parte hartu duen edozein egile, edo promozio honen arauzko jarduera normala eta funtzionamendu egokia eragotzi duen edozein egile, arauz kontra jokatu duen ebidentzia edota susmoa baldin badute.   

Egilea izango da, modu esklusiboan, zabaltzen dituen mezuen edukiaren erantzule osoa. Zentzu honetan, egilearen erantzukizuna izango da irudi eskubideen urraketa, datuen babesarena, ohorearena, intimitatearena, edota beste edonoren eskubide urraketarena, eta Zendak eta Iberdrolak ez dute inolako erantzukizunik izango urraketa horietatik erator daitezkeen ondorioen aurrean.

Egileren batek modu desegokian parte hartuko balu, eta Zendak eta Iberdrolak saria eman ondoren antzemango balute, egile horren edo erantzulearen kontrako ekintza legalak gauzatzeko eskubidea gordetzen dute, saria itzul dezan.

Iberdrolak eta Zendak eskubidea dute ipuinak lehiaketatik kanpo uzteko, argitaratuta dagoen beste testuren baten antza badute edo horien edukiarekiko errepikakorrak badira; beraz, ipuin horiek ezingo dute promozio honetan parte hartu.

Iberdrolak eta Zendak eskubidea dute eduki iraingarri, laidogarri, gustu txarreko edo legearen kontrakoak dituzten ipuinak baztertzeko.

2. Munduko edozein tokitako 18 urtez gorako pertsona fisikoek parte har dezakete.

3. Egileek oinarri hauek onartzen dituzten unetik, Zendak eta Iberdrolak eskubidea dute irabazlearen eta finalistaren izena eta irudia erabiltzeko. Beraz, parte-hartzaileek onartzen dute, mundu osoan eta mugarik gabe, Zendak eta Iberdrolak euren irudia eta izena erabiltzea, argitaratzea eta erreproduzitzea, edozein publizitate, promozio, argitalpen (internet barne) edo beste mediotan, promoziorako edo informaziorako, beti ere promozio honekin lotura duten ekintzetan, eta, promozio honen bitartez lortutako sariaz gain, parte-hartzaileentzat beste inolako ordain ekonomikorik gabe.

4. Parte-hartzaile guztiek euren irudiaren eta izenaren erabilpena baimentzen eta bermatzen diete Zendari eta Iberdrolari, promozio honen alorrean esklusiboki, eta informazio xedetarako.

5. Zendak eta Iberdrolak eskubidea dute edozein unetan promozio honen baldintzak aldatzeko, baita ezarritako epearen aurretik bertan behera uzteko ere, beti ere arrazoi justu bat badago, eta konpromisoa hartzen dute oinarri berrien, promozioaren baldintza berrien edo betiko baliogabetzearen berri emateko.

6. Zendak eta Iberdrolak ez dute erantzukizunik hartzen, interneten, Twitterren edo Facebooken funtzionamendu txarraren ondorioz (plataforma independenteak baitira) parte-hartzean akatsak gertatzen badira, edo bestelako arazoen ondorioz gertatzen badira, hala nola etenaldiak, mantsotzeak, erregistratu ez diren parte-hartzeak (osatu gabe zeudelako edo beste edozein arrazoirengatik), baimenik gabeko sartzeak, edota informazioa jasotzerakoan gertatutako akatsak. Eta ez dute erantzukizunik hartzen erabiltzaileek arrazoi hauengatik izan ditzaketen kalteengatik.

7. Promozio honetan parte hartzen dutenek ezinbestean onartzen dituzte oinarri hauek, baita Zenda eta Iberdrolaren irizpidea ere, promozio honekin zerikusia duen edozein konturi buruzko erabakiak hartzeko orduan.

8. Twitterrek eta Facebookek ez dute promozio hau babesten, bermatzen edo kudeatzen, eta ez daukate loturarik promozioarekin. Parte-hartzaileak jakitun dira euren informazioa Zenda eta Iberdrolari ematen diotela, bere parte-hartzea kudeatzeko soilik, eta baita sariaren berri emateko ere. Twitterrek eta Facebookek ez dute inolako erantzukizunik parte-hartzaileekin.

9. Parte-hartzaileek emandako datuak konfidentzialak izango dira. Zendak eta Iberdrolak ez dituzte datu horiek gordeko, eta promozio hau kudeatzeko soilik erabiliko dituzte, horretarako behar den denboran; eta promozioa amaitzen denean, ezabatu egingo dituzte.

Promozio honetan parte hartzean, notarioaren aurrean ezarritako oinarri hauek onartzen dituzte erabiltzaileek.

Oinarri hauek honako helbide honetan kontsulta daitezke: https://www.iberdrola.com/sala-comunicacion/redes-sociales/bases-concursos, baita lehiaketa eta zozketen oinarrien notario-artxiboan (ABACO) www.notariado.org. Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden kontuei buruz, edo oinarri hauen interpretazioaren inguruan, promozioaren antolatzaileek erabakiko dute.

10. Honako baldintza orokor hauek Lege espainiarraren arabera interpretatuko dira.